XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NOIZ ETA NOLA AURKITU ZEN OZONO-ZULOA?

1984eko irailean Greziako Salonika-ko unibertsitateak ozonoari buruzko nazioarteko sinposiuma antolatu zuen.

Bertan ikerlari japoniar gazte batek, hots, Sigeru Chubachi-k, parte hartu zuen.

Ikerlari hau 1982. urtean japoniarrek Antarktikan duten Syowa ikerketa-zentruan izan zen.

Bere hitzaldian, egindako ikerketen berri eman zuen.

Ikerlari honek 1982ko irailean eta urrian neurtutako ozono-maila aurreko urteetako datuekin alderatu zuen.

Alderaketa egin ondoren ozono-geruzak izugarrizko mehetzea izan zuela ikusi zen.

Hala ere, Chubachi-ren hitzak entzun zituzten ikerlariek berehala aurkitu zuten irtenbide logiko bat, hau da, Chubachi-ren aparatuak akastunak ziren.

Eta horretantxe geratu zen gaia.

Hilabete batzuk geroago, 1985eko maiatzean, Nature izeneko ikerketa-aldizkarian British Antarctic Survey erakundeko Joseph Farman, Brian Gardiner eta Joseph Shanklin ikerlariek argitaratutako artikuluan Antarktikan gertatzen ari zen ozono-galeraren berri eman zuten.

Ikerlari hauen arabera, 1984. urtean abuztutik urrira ozono-maila % 30 txikiagotu zen.

Aurreko urteetan prozesu bera gertatu bazen ere, maila txikiagoa izan zuen.

Zer esanik ez, berri honek izugarri astindu zituen bazter guztiak.

1978. urtearen amaieran NASA-k Nimbus-7 deituriko satelitea espazioratu zuen.

Satelite honek ozonoa neurtzeko bi aparatu zituen, baina gertatzen ari zen ozono-galeraren berririk ez zuen eman.